Astelehenean manifestazioak burutuko dira Hego Euskal Herrian

8 10 2009

Urriaren 12an Euskal Herrian ez dugula ezer ospatzeko adierazi eta manifetsazioetan parte hartzeko deia burutu zuten gerra zikinaren ondorioak jasan dituzten herritarrek.

Urriak12

 

Gerra zikinaren eta faxismoaren aurkako mobilizazioak urriaren 12an:

Donostian, arratsaldeko 18:00etan Bulebarretik abiatuta

Bilbon, arratsaldeko 19:30etan Indautxu plazatik abiatuta

Santurtzin, arratsaldeko 19:30etan udaletxe aurretik abiatuta

Iruñean, arratsaldeko 17:30etan autobus geltokitik

Gasteizen, arratsaldeko 19:00etan Korreosetik

URRIAREN 12AN EZ DUGU EZER OSPATZEKO!!!

ALDE HEMENDIK!!!

AGERRALDIAN IRAKURRI ZEN TESTUA:

Egunon guztioi eta mila esker agerraldi honetara hurbildu izanagatik,

Azken urte edo hilabeteotan errepresioaren eragina modu ezberdinean jasa dugun herritarrak bildu gara hemen.

Euskal Herrian konpondu gabeko gatazka politiko baten zurrunbiloan jarraitzen dugu oraindik orain, izan ere, herri honen eskubideak aitortu eta benetako konponbide justu eta demokratiko baten alde egin ordez, bestelakoa izan da bi estatuek hartu duten bidea. Errepresioaren bideari lotu zitzaizkion bere garaian frantziar eta espainiar estatuak, eta 2009. urtean, oraindik orain bide horri loturik jarraitzen dutela agerikoa da.

Hamaika aurpegi ditu errepresioak, eta guztiak erabili dituzte Euskal Herrian disidentzia politikoarekin amaitzeko asmo bakarra izan duten unean uneko barne ministro eta presidenteek. Martin Villatik hasi eta Rubalcabaraino errepresio politikoa izan da estatuak Euskal Herriari egin dion eskaintza politiko bakarra.

Abendutik hona izan diren lau bahiketa politikoek eta Jon Anzaren desagerpenak garamatzate hau esatera. Errepresio estrategia jauzi berriak ematen ari da, eta ez da kasualitatea Euskal Herrian zortzi hilabeteren buruan Alain Berastegi, Lander Fernandez, Dani Saralegi eta Juan Mari Mujika bahituak izatea eta Jon Anzak desagerturik jarraitzea. Honek guztiak ondo marrazturiko jarduera bati erantzuten dio. Errepresio estrategiaren baitan militante politikoak bahitzeari ekin diote, militantzia politikoa zigortu, disidentzia politikoan beldurra zabaldu eta informazio politikoa lortzeko helburuarekin. Gerra zikina iragana baino oraina da Euskal Herrian.

Jonek desagerturik daramatzan bost hilabete hauetan erakunde publikoak eta klase politikoa isilik mantendu dira. Azken egunetan informazio berriak plazaratu dira eta honek pentsatzera garamatza Euskal Herriko klase politikoan inork baduela informazio gehiago desagerketa honen inguruan. Erakunde eta alderdi politikoei desagerketa honen aurrean jarrera argi bat hartzeko eskaera egin nahi diogu. Hemen jada ez du balio isilik egoteak, gai honen inguruan adierazpenik ez egiteak. Inork informazioa badu, Jon non dagoen eta zer gertatu den argitzeko balia dezala eskatzen dugu. Pertsona baten desagerpenaz ari gara, guda zikina indarrean dela adierazten duten gertaeren testuinguru batean. Arduraz jokatzea da eskatzen dioguna Euskal Herriko klase politikoari, instituzioei, kazetariei. Isiltasun honekin amai dezaten eta eskura dituzten baliabideak erabil ditzaten eskatzen diegu: Jon aurkitzeko, zer gertatu den argitzeko, ardurak mahai gainean jartzeko eta batez ere, guda zikina behin betirako Euskal Herritik desagertzeko.

Errepresio estrategiaren porrotak errepresio bide are basatiagoak martxan jartzera eraman ditu, herri honetan eremu baten aurka denak balio duen etenik gabeko jazarpen egoera bat sortu dutelarik. Errepresioak intentsitatez gora egin du azken garaietan, eta horren adibide dira bahiketa politikoez gain preso politikoen argazkien aurkako sorgin ehiza edo Ertzaintzaren bortizkeria bera. Honekin batera, errepresio giro honetan jarduera faxisten ugaritzea ematen ari dela ikus dezakegu, besteak beste gure senideen memoria erasotzeari ekin diotelarik. Europan inon ez bezalako polizia kopurua dugu Euskal Herrian, kolore guztietako uniformez apaindurik. Poliziak demokrazia eta bakea bermatzeko daudela saldu izan digute, baina hori horrela balitz hemen inon baino demokrazia gehiagorekin inon baino baketsuago biziko giñateke. Baina hemen dauden milaka polizien lana ez da hori justuki. Hemen poliziak torturatu egiten du, herritarrak jipoitu eta atxilotzen ditu, kontrolez betetzen ditu errepideak eta disidentzia politikoak jarraituak eta jazarriak dira bere eskutik. Benetako estatu autoritario batek benetako salbuespen egoera ezarri du Euskal Herrian.

Urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko. Egun honek errepresioa, Guardia Zibila, tortura eta gerra zikina sinbolizatzen du Euskal Herrian. Honen aurrean konponbide demokratikoa da guk aldarrikatzen duguna. Eta argi dugu bide errepresiboa eta soluzio demokratikoak ez direla osagarriak, kontrajarriak baizik. Guk Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa konpontzea nahi dugu, herri honetan justizia eta demokrazia ezartzea bilatzen dugu, errepresioaren benetako memoria egitea. Etorkizun demokratiko baterako bidean beharrezkoa ikusten dugu halabeharrez mugarik ez duen errepresio eta jazarpen ero honi bidea ixtea. Horma bat jarri behar dugu herri honetara sufrimendua eta gerra baino ez dakarren bidearen erdian, eta herritarren mobilizazioaren eta presioaren bidez soilik lortuko dugu hori egitea. Gaur arte, gerra zikinaren aurrean beharrezkoa izan da mobilizazioa, herritarren babesa eta aktibazioa. Gerra zikin berrituaren aurrean ere mobilizatzen jarraitzeko deia egiten dugu.

Zentzu honetan, egun horretan hego Euskal Herriko lau hiriburuetan burutu diren manifestazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

Bereziki, gaurko honetan Jon Anzaren senideei gure babes eta maitasun osoa eskainiz amaitu nahi genuke agerraldia.

Mila esker guztioi.

info+: www.askatu.org

Anuncios




Urriaren 12an herri eskolak burtuko dira istitutuan IAk antolatuta!

8 10 2009

 1998az geroztik urtero egin ohi den bezala, urriaren 12a jai egun arrotza izanik, IAk antolatuta herri eskolak burutuko dira Hego Euskal Herriko ikastetxeetan. “Euskal ikasleok, urte osoan zehar Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzeko lanean badihardugu, urriaren 12an lan hori bikoizteko prest gaude”, adierazi dute. Nafarroan 1512an eman zen konkista izango da aurtengo gai nagusia, gure historia propioa landuz.

Urriaren 12a oso egun esanguratsua da Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako ikasleontzat, eta ez ospatzeko ezer dugulako, urtez urte nahi ez dugun zerbait ospatzea inposatzen digutelako baizik.

Colon Ameriketara iritsi zela ospatzen dute espainiar patroiaren eguna den Pilarica egun honetan. Bertako lurrak sakeatu eta espainiarrek beraien inperioa handitu zutela hain zuzen ere.

Baina euskaldunontzat, bestelako esan nahia du gorderik egun honek. Urriaren 12a guretzat inposaketaren eguna baita. Egun honetan ospatzeko ezer izan ez, eta gure nortasun eta kulturaren gainetik, beraiena inposatzen baitigute.

Hezkuntza Sistema Arrotzek beraien jai egun eta eduki arrotzekin ospatzen duten eguna da urriaren 12a: Hispanitatearen egunaren edukia barneratzen digute, honen esan nahi eta ikonografiarekin, eta Espainian jai egun nazionala izanik, egutegi propiorik ez eta espainiarrena izatera behartzen gaituzte. Egutegi Arrotzen eta Curriculum Arrotzen jai eguna dela esan dezakegu, beraz.

Hezkuntza Sistema Arrotzek, euskal ikasleak espainol egiteko beste tresna bat besterik ez dira horrelako egunak, euskal ikasleok harro sentitu behar al dugu bada, gure herria zapaltzen duenaren egun nazionala ospatzerakoan?

Egun honetan Hezkuntza Sistema Propioa zapaltzen dutela agerikoa da, beraz. Euskaldunok Hezkuntza Sistema Nazional bat izateko dugun eskubide eta beharrizana urratu eta gure herriaren kultura eta historia kontuan izan gabe, jai egun arrotzak ospatzera behartzen gaituzte.

Guk aldiz, Hezkutza Sistema Propio baten beharra dugu, Euskal Herriaren biziraupena bermatu eta euskal herritar gisa jarduteko. Eta egia esan, asko izan dira norabide honetan azken urteetan eman ditugun urratsak.

 Euskal curriculuma behar dugu, euskal edukiz osatua egongo den curriculuma, euskal kultura, historia eta hizkuntza ardatz izango dituena.

Eta euskal egutegia behar dugu, euskal herritar bezala, gureak diren egunak ospatu eta gure identitatea garatzeko.

Hau guztia kontutan izanda, jai dute ikasle eta abertzaleok horrelako egun batetan etxean, ezer egin gabe guardia zibilaren desfileak ikusten geldituko garela uste badute! Jai dute, Hezkuntza Sistema Arrotzek bortxaz inposaturiko edukiak txintik esan gabe tragatuko ditugula uste badute, eta jai dute, beraien jai egunetan jai hartuko dugula uste badute!

Euskal ikasleok, urte osoan zehar Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzeko lanean badihardugu, urriaren 12an lan hori bikoizteko prest gaude.

1998.urtetik, Ikasle Abertzaleak-ek lehenengo herri eskolak antolatu zituenetik, urtez urte asko izan dira ofizialki ez bada ere, zabaltzea lortu ditugun ikastetxeak. Asko izan dira landu izan ditugun edukiak.

Herri eskolak antolatzea, Hezkuntza Sistema Arrotzekiko borrokan, ikasleok daukagun intsumisio jarrerarik garrantzitsuena da. Inposaketak gainditu, eta ikasleok, ikasleontzat diren eskolak antolatzen ditugu urtero. Egunerokotasunean, curriculum arrotzetan oinarritzen diren edukiek erakusten ez digutena ikasteko baliatzen ditugu gainera herri eskolak.

Intsumisio jarrera honekin beraz, ikasleok Euskal Eskola Nazionala praktikan eraikitzeko urratsak ematen ditugula ulertzen dugu. Diskurtso bat garatzeaz haratago, Estatuek inposaturikoari alternatiba errealak mahai gaineratu eta eduki propioak lantzeko esparruak eskaintzen baititugu.

Aurtengoan, eskoletan ezkutatzen diguten gure historia lantzeko hautua egin dugu. 1512 an eman zen Nafarroako konkistaren inguruan hitz egiteko parada izango dugu herri eskola hauetan. Gure nortasuna eraikitzeko historia ezagutzeak duen garrantziaz kontziente izanik, ikasleok gure buruak formatzearen ezinbestekotasuna ikusi eta urriaren 12a horretarako erabiliko dugu.

Horretarako, Nafarroa 1512-2012 plataformakoen laguntza izan dugu, eta hemendik, eskerrak eman nahi dizkiegu beraien laguntza eta beraien lanarengatik.

Baina horretaz gain, lekuan leku garrantzitsuak izan daitezkeen gaiak ere landuko dira ikasleen artean. Inguruak eragiten duten, eta egunerokotasunean hezkuntza prozesuan isladarik ez duten gaiak, hain zuzen ere.

Beraz, aurten 50 eskola zabalduko ditugula esan dezakegu. Horietatik 3 gainera, modu ofizialean, edo bai behintzat normaltasunez irekiko direla jakin ahal izan dugu. Bat gipuzkoan, eta bizkaian bi.

Besterik gabe, euskal ikasle guztiei guretzat jai egun arrotza den horretan intsumisio jarrera bat izan eta klasera joateko deia egin nahi diegu. Ulertu dezagun guztiok, guztion konpromisoz eta eginahalaz, lortuko dugula herri honek herri bezala garatzeko behar duen egutegi propioa lortzea.

Probintzi bakoitzan herri eskolak egingo diren tokien zerrenda:

  • GIPUZKOA
    • Azpeitia: Ikasberri ikastolan
    • Eibar: Bertako Gaztetxean
    • Arrasate: Bertako Gaztetxean
    • Deba: Plaza Kultur Etxean
    • Zumaian: Galdetu bertako ikasleei
    • Hernani: Galdetu bertako ikasleei
    • Donostia:Usandi, Luberrin,  Zurriolan eta Ibaetako kanpusean
    • Mutriku: Institutuan

 

  • NAFARROA
    • Altsasu: Institutuan
    • Leitza: Amazabal institutuan
    • Tafalla: Galdetu bertako ikasleei
    • Lizarra: Galdetu bertako ikasleei
    • Iruñerria: Txantrean (Eunate, Nekazal, La Virgen), Biburdana, Alaitz, Askatasuna, San Fermin-en

 

  • BIZKAIA
    • Lekeitio: Ikastolan,  eta Iturriotz institutua
    • Markina: Lea artibai ikastetxean eta Bekobentan
    • Durango: Institutuan
    • Iurreta: Institutuan
    • Portugalete: Astilekun
    • Barakaldo: Beurkon
    • Santurtzi: Axularren
    • Galdakao: Alexalden
    • Balmaseda: Institutuan
    • Derion: Institutuan
    • Mungia: Institutuan
    • Erromo: Bertako gaztetxean
    • Algorta: Aixerrota institutuan
    • Bilbo:Urretxindorra ikastolan, Icen
    • Igorre: Institutuan
    • Gernika: Barrutin eta Iinstitutuan
    • BERMEO: INSTITUTUAN


  • ARABA
    • Laudio: Ikastetxean
    •  Amurrio: Ikastetxean
    • Arabar Errioxa: La PueblaKo ikastolan
    •  Gasteiz: Ekialde, Mendebalde, Koldo Mitxelenan eta kanpuseko magisteritza eskolan

Zentro bakoitzak bere ordutegia izango da, beraz adi egon tokiko kartel edota bestelakoetara!!!!

EGUTEGI ARROTZARI, MARRA GORRIA! Hispanitatearen egunean, ikasleok klasera!

Info+: www.ikasleabertzaleak.org (IAko web gunea)





Presoen argazkiak; ELKARTASUNA…!!!

6 10 2009

Martin Scheinin. (Giza Eskubideen NBEko kontalaria)

Scheininen ustez, helburu humanitarioengatik erakusten dituzte senideek irudiak, eta ez dute goratzen terrorismoa.

Terrorismoaren kontrako borrokan giza eskubideak bermatzen ote diren aztertzea dagokion kontalariaren ustez, terrorismoa goratzeko delitua ez da argia, eta moldatu egin behar litzateke.

Martin_Scheinin

«Presoen argazkiak erakustea ezin da delitu izan berez»

Terrorismoaren kontrako borroka eta giza eskubideak hizpide hartuta EHUn hitzaldia eman ondorengo tarte estuan erantzun ditu BERRIAren galderak Martin Scheininek (Helsinki, Finlandia, 1954). Prestutasuna erakusten du, atsegin eta serio aritzen da aldi berean, eta diplomazia gordetzen badaki. Akusazio gordinak egitea eta gai korapilotsuen sakontasunean murgiltzea saihesten du.

Terrorismo kontzeptua Espainian zabalegi erabiltzen dela ohartarazi duzu giza eskubideak errespetatzen ote diren ikertzeko egindako txostenean. Eta, horren izenean, oinarrizko eskubideen urraketa eman daitekeela. Zergatik diozu hori?

Espainiako Zigor Kodearen 571. artikuluan terrorismoari buruz ematen den definizioa ondo ikusten dut. Arazoa da hurrengo artikuluek terrorismoaren definizioa zabaltzen dutela, eta, nire ustez, gehiegi zabaltzen dutela. Batez ere, terrorismoa goraipatzearen inguruan, kale borrokaren inguruan eta kolaborazioaren inguruan uzten diren interpretazioak zabalegiak dira. Hedapen horrek arazoak ekar ditzake praktikan. Egun, kolektibo batzuk edo pertsona batzuk estigmatizatuak izan daitezke terrorista etiketarekin, beraiek, zentzu estuan, terroristak ez diren arren.

Zer da erakunde armatuari laguntza ematea edo terrorismoa goratzea? Nola interpretatu behar da?

Nire ustez, goraipatzearen ordez inzitatzea terminoa jaso beharko litzateke. Inzitatzeak izan behar luke delitua. Hau da, delitu egitera bultzatzeak. Eta, inzitazioak, bi osagai izan beharko lituzke: batetik, asmoa; beste norbaitek delitu egin dezan nahia izatea. Beste osagaia osagai objektiboa da; benetako arriskua egon behar du beste pertsona horrek delitu hori egiteari dagokionez. Bi elementuak hartu behar dira kontuan. Hori, nire ustez, nahikoa izango litzateke dauden arazoei eusteko.

Zentzu horretan, azkenaldian badago polemika presoen argazkien auziarekin. Jo daiteke delitutzat, esaterako, presoen eskubideen defentsan egindako protestetan argazkiak erakustea edo leku zein taberna pribatuetan izatea?

Nire abiapuntua eta nire ustea da senitartekoek argazki horiek erakusten dituztela helburu humanitarioengatik. Senitartekoen eskubideak babesten dituztelako. Horrek izan behar du abiapuntua gaia aztertzeko. Beraz, presoen argazkiak helburu humanitarioengatik erakusten direnez, berez, hori ezin da delitu izan. Hori ez litzateke terrorismoa goratzea, edo, hobeto esanda, delitu egitera bultzatzea. Edozein kasutan, horrek ez du esan nahi kasu guztietan horrela denik, baina, berez, presuntzioak hori izan behar du.

Onartzen dut egon daitekeela hizkuntza sinboliko bat. Adibidez, gurutze gamatuak edo nazien esbastikak erabiltzea, hori hizkuntza sinbolikoa da, eta hori debeka daiteke. Pentsatu badela judu komunitate bat eta bere taberna edo lokaletan gurutze gamatua agertzen dela. Hori debeka daiteke. Argazki batzuk edo kartel batzuk egon daitezke hizkuntza sinboliko horren barnean. Baina hori horrela izan daitekeela pentsatzeko beti egon behar dute bi elementuek: kartel horien bitartez delitu egitera bultzatzeko asmoak, eta benetako arriskua inzitazio hori delituetan gauzatzeko. Bi elementu horiek gabe ezin daiteke esan hori inzitazioa denik. Izan daiteke hizkuntza edo keinu desatsegin bat, baina ez inzitazioa, eta, beraz, ez delitua.

Esana duzu ekintza bat delitu izan dadin aurrez argi ezarri behar dela ekintza hori delitu dela. Azken urteetan egoera nahasiak eman dira. Argazkiena adibide bat da; «terrorismoa goratzea» edo hari laguntzea zer den ere legeak ez du argi zehazten; Parot doktrina-rekin, bat-batean luzatu dizkiete espetxealdiak presoei, aurrez jakin gabe. Onargarriak dira halako egoerak? Egin daiteke zerbait halakoen aurrean?

Jendeak helegiteak aurkeztu behar ditu horrelakoetan. Ez dago bitarteko azkar bat definizio hedapen horri aurre egiteko. Errekurtsoak egin behar dira. Ni nazioarteko zuzenbidera jotzearen aldekoa naiz. Estatuetatik kanpo badaude beste jardunbide batzuk helegiteak aurkezteko. Bide horietara jo behar da: helegiteak aurkeztu estatutik kanpo.

Bide horiek ematen dute fruiturik?

Eztabaida bizirik mantentzea da kontua. Ez badizute kasu egiten berriro aurkeztu behar duzu arazoa, eta agian zure argudioak onartuko dituen nazioarteko auzitegi edo batzorde bat egongo da.

Nazioarte mailan, «terrorismoaren aurkako borrokan» giza eskubideak bermatuko dituen auzitegi berezitua sortzea proposatu duzu. Zergatik? Zein litzateke haren egitekoa?

Nire ustez, auzitegi horrek gauza asko konponduko lituzke, eta buru-belarri ari naiz asmo hori bete nahian.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegia baino haratago joango litzateke? Zein desberdintasun luke?

Bai, haratagokoa litzateke. Nire proiektua aurrera aterako balitz, auzitegi horrek estatuek egindako urraketak ez ezik, nazioarteko beste erakunde batzuk egin ditzaketen urraketak ere aztertuko lituzke. Somaliako piratena, adibidez, edo talde terroristek egindako urraketak, esaterako.

Zein iritzi duzu Alderdien Legearen inguruan? Alderdi eta gizarte eragile ugari legez kanporatu ditu.

Nire ustez politikan parte hartzeko eskubidearen aurka egiten du, eta aztertu egin beharko litzateke.

‘Egunkaria’-ren aurkako epaiketa azaroan hasiko dela aurreikusten da. Zein iritzi duzu auziaren inguruan?

Ez dut iritzirik ematen oraindik epaitu gabe dauden auzien inguruan. Nire txostenean ere ez nuen horregatik sartu. Egoeraren berri badut, baina oraingoz ezin dut iritzirik eman.

Inkomunikazioa ezabatzeko eskatu diozue nazioarteko kontalariek behin eta berriz Espainiari, baina entzungor egin izan du. Egin daiteke beste urratsik?

Gure ardura da Espainiari gogoraraztea badaudela nazioarteko konpromiso batzuk eta inkomunikazio sistema ez dela horrekin bateragarria. Ez dela onargarria. Behin eta berriz gogorarazi behar diogu. Hain zuzen, inkomunikazio sistema da Espainiaren kasuan kezkagarrien iruditzen zaidan alorra.

Irailaren 11ko erasoen ondoren, segurtasunaren eta askatasunaren arteko balantzak segurtasunaren alde egin zuen nazioarte mailan, askatasun eta eskubideen kalterako. Horri buelta ematen hasiko zaiola uste duzu? Obamaren aroarekin balantzaren oreka aldatuko dela?

Baikor naiz, baina zortzi urtean egindako nahastea konpontzeko 30 urte beharko dira. Beraz, Obama batekin ez da nahikoa. Belaunaldi oso bat behar da. Teknikoki ere asko kostatzen da horri buelta ematea. Asko kostatzen delako sortu zituzten artikulu eta segurtasun sistema eta agentzien ezohiko aginteak ezabatzea.

* BERRIA egunkariari egindako elkarrizketa Leioako fakultatean egindako hitzaldiaren ostean.

info+: http://www.gara.net/paperezkoa/20091006/160146/es/Espana-no-quiere-admitir-que-haya-algo-mal-su-legislacion





EL SALBADOR Bihotzean!

23 09 2009

Aurten, 25 urte betetzen dira, Pakito Arriaran Arrasateko semeak bizia
galdu zuenetik El Salvadorreko lurretan. Ez zen izan Pakito Arriaran,
ordea, lur hauetan bizia galdu zuen euskaldun bakarra, izan ere, Begoña
Garcia eta Marta Gonzalez medikuak ere joan zitzaizkigun gerra hartan.

kartela
Hau dela eta, ASKAPENAk (Herriekiko euskal elkartasuna jorratzen duen talde internazionalista) irailaren 26an ekitaldi bat izango da Arrasaten, Bertan, 3 internazionalista hauei omenaldi bat eskeiniko zaie, beraiek erakutsitako kompromisoaren balioa lau haizetara hedatuko dugu.

EH osoan zehar ekitaldi ezberdinak izango dira Irailaren 21etik 26ra
bitartean eta bertan El Salvadorretik etorritako Gilberto Mejia diputatua
eta bere lagun Julio Monje izango dira:
– Irailak 22, Hernanin 19etan Gilberto eta Julioren hitzaldiak.
– Irailak 23, Bilboko alde zaharreko herrikoan Gilberto eta Julioren
hitzaldia
– Irailak 24, Irunean Gilberto eta Julioren hitzaldia.
– Irailak 24, Arrasaten, aurten Salvadorren ibili den askapenako
brigadaren ikusentzunezko hitzaldia.
– Irailak 26, Herri bazkaria eta 18;30tan ekitaldi politikoa

Animo eta parte hartu ezazu ekimenetan, itxaroten zaitugu!

GORA EUSKAL HERRIA INTERNAZIONALISTA!

HAMAIKA HERRI BORROKA BAKARRA!

info+: www.askapena.org





AHTaren aurkako martxa; Irailak 5>12

2 09 2009

Irailaren 5etik (larunbata) 12ra, Gasteiz eta Bilbo arteko AHTren ibilbidean zehar Fomento Ministeritza burutzen ari den lanak zeharkatuko ditu oinezko martxa batek. Ekimen hau, azpiegitura honen aurkariak diren izaera ezberdinetako herri taldeetatik abiatu da.

AHT

Larunbata 5 arratsaldez Gasteiztik abiatuz, martxa honen asmoak hirukoitzak dira: alde batetik, AHTren lanek sorturiko kalte izugarriak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzea, aldi berean oraindik kaltetzeke baina gizarte eta ingurumenaren aurkako azpikeria honek jarraitzekotan txikitu eta desagertuko liratekeen inguruak ezagutzea; bestalde AHTri denbora eta espazioan laguntzen dioten mota guztietako azpiegitura egitasmoekin (autobide, autopista, ingurabide, superportu, tentsio oso handiko lerro, zentral termiko, errauskailu, gasbide…) daukan harremana ikustea, garapenzalekeriaren eromenean muturreraino doan gaur egungo sistema sozio-ekonomikoaz beste egiteko hausnarketa kritikoa sortu eta beratatik betikoz nola aldendu eztabaidatzea; eta azkenik, sozial mailan injustoa eta ingurugiroarenean naturaren suntsitzailea den azpiegitura honen txikizioak geldiarazteko ofentsibara pasatzeko, beraien artean indarrak eta baliabideak batu nahi dituzten norbanako eta talde guzt ien arteko harremanak sendotzea; bestalde, martxan zehar AHTren salaketa ekintza mota ezberdinak burutzeko aukera izango dugu.

Gainean dugun krisialdiak (zeina soziala, ingurumenarena eta ekonomikoa den) argi utzi du sistema kapitalista (hazkunde mugagabea) kriminala, injustua eta ingurumen ikuspegiarekiko bideraezina izateaz gain, muga fisikoekin (energetikoak, baliabide naturalak…) topo egin duela. Bitartean, boterean diren politiko eta enpresari buruek, inoiz baino erasokorrago, egitasmo handinahikien pilaketa etengabearen bitartez, garapenzalekeriak dakarren basakeriaren amildegira garamatzan norantzan sakontzen ari dira. Honen aurrean gure ezinbesteko eginbeharra jendarteari guzti hau helarazi eta kontzientziak piztuaz, hausnarketa eta ekintzan batu behar gara munstro hau gelditzeko. Inoiz baino beharrezkoagoa da borroka hedatzen jarraitzea eta berau aurrera eramatea, pentsamendu kolektibotik gogor txertatuak dauden ?progresoa?, hazkunde material gisa eta ?garapena?, bizitzaren oinarria den naturaren suntsitzaile bezela deserrotzeraino.

Martxan partehartzea bertara bildu nahi diren guztiei irekia dago, hortarako ibilbideko herrietan zein leku eta zer ordutan aterako den informatuko dugu. Denok gaude gonbidatuak. AHT gelditzea denon erantzunkizuna baita.

Lehen egunetako egitaraua
Irailaren 5an, larunbata: Gasteiz – Urbina

  • 15:00etan: bazkaria herrikoia Arriaga parkean.
    Ondoren kantautorea eta ginkana (Gasteiz kaltetuko duten proiektuena).
  • 18:30etan: MARTXAREN HASIERA: Urbinarako irteera.
  • 21:00etan: afaria Urbinan.
  • 22:00etan: Urbinako jendeak azalduko du pairatzen ari diren egoera.
    Ondoren, Vajont filmearen proiekzioa (Vajonteko urtegiaren desastrean datzana).

Irailaren 6an, igandea: Urbina – Arrasate

  • Goizean Urbina-Aramaio mendi martxa. Martxa 14:00etan iritsiko da Aramaiora, baina ordu bat lehenago hasiko da triki-poteoa herrian zehar.
  • 15:00etan: bazkaria Aramaioko txoko batean.
  • 18:00etan: antzerkia.
  • 20:00etan: Arrasatera iritsiko da martxa. Ondoren, gaztetxea afaldu eta lo egingo.

Hurrengo egunetako ibilbidea:

  • Irailaren 7an, astelehena: Bergara – Angiozar
  • Irailaren 8an, asteartea: Elorrio – Durango
  • Irailaren 9an, asteazkena: Amorebieta – Lemoa
  • Irailaren 10ean, osteguna: Galdakao – Basauri
  • Irailaren 11an, ostirala: Bilbo
  • Irailaren 12an, larunbata: Ezkerraldea
  • Irailaren 13an, Santurtziko Serantesera igoera (bukaera).




Bermeoko txosnak ’09

31 08 2009

Urtero legez Bermeoko jaietan txosnak jarriko dira frontoi aurrean, oraingo honetan 5 izango dira guztira; gazteak, preso eta iheslarien aldekoak, Busti irratia, Salsa Cubana eta Kick Boxing taldekoek osaturik. Berez musika ekipo bakarra jarri behar bada ere, azken talde honek bere kabuz bere ekipoa jarriko du, hori dela eta jai hauetan alde batetik lau txosnaten musika mota bat, eta bestean, beste musika mota bat entzuteko aukera egongo da.

txosna_kartela

aurtengo kartela egitarauarekin

Bermeoko txosna batzordeak beti aldarrikatu eta bermatu izan ditua jai herrikoi eta parte hartzaileak, hori dela eta beti erabili izan du “jaidxek herridxek herridxentzat” lema, baina urte honetan txosna batzordeak bigarren lema berri bat ere erabiliko du;  “Bermioko txo!snak eta alabatxi!nak”. Hitz joko honekin jai herrikoi eta parte hartzaileak ezezik, parekidetasunean oinarritutako jaiak bultzatu eta aldarrikatu nahi dituztelako batik bat.

Beste alde batetik, gazteek beste Xixili bat egingo dute. Dakizuen moduan duela bi urte Almikeko jaitsiera berreskuratu baitzen, baina egun hori betiko Irailaren 8an egin beharren aurreratu egin dute aurreko urte bietan txupinazoa baino arinago eta hortaz, Xixili ezin izan da joan inoiz jaitsierara, horren ondorioz gazteek bigarren Xixilia egin dute. Aurten ere berdina gertatzen denez herriko zenbait gaztek berriro egingo dute Bermeoko jaien ikonoa jaitsierarako, hau Eupeme Deuna gauean (Irailak 16) errez “R” galdeketarekin batera.

GORA ANDRA MARI ETA EUPEME DEUNAREN JAIAK!!!

GORA JAI HERRIKOI ETA PARTE HARTZAILEAK!!!

GORA BERMIOKO TXOSNAK!!! ITSOSUPETEKUEK GARIEZ!!!





Argazkien aurkako jazarpena jasan da Bermeon

30 08 2009

Kolektiboaren kartelak kentzen aritu dira udal langileak polizi autonomiko espainiarra eta Udaltzaingoak lagundurik.

Abuztuaren 28an (Barikua), Bermeoko udalak (langileen eta udaltzaingoen bitartez) eta espainiar polizia autonomikoak lagundurik, euskal preso politikoen kolektiboaren argazkiak kentzen aritu dira eguerdi aldera
(12.00/13.00). Muntaia handiaren lekuko izan gara, alde batetik Espainiar polizia autonomikoa inguruak etengabe patruilatzen haritu izan direlako, eta bestetik, Bermeoko 3 udaltzain bere kotxeekin udal langileak eta hauek erabilitako kamioi eta furgoneta eskoltatzen haritu izan direlako denbora oron.kol

Gertaera hau ez da esan aste honetan Bermeon jasan den jazarpen bakarra, egun bi arinago pertsona bat identifikatua izan da herriko kaleetan kolektiboaren aldeko kartelak jartzearren, honen ostean polizi autonomiko espainiarra bere etxera joan eta terrorismoa goraipatzearren notifikazioa duela jakinarazi zioten.

Bermeon hau jasan den bitartean, aldi berean, Lekeition ere polizi autonomiko espainiarraren jasarpena jasan dute.

Eguenetik barikurako gaueko 1:00ak inguruan Lekeitioko Herrikoan sartu dira kalez jantzitako polizi autonomiko espainiarrak  presoen argazkiak kentzeko aginduaz eta zerbitzaria identifikatuz. Kendu ezean “terrorismo goraipatzea” egotziko diotela esan diote zerbitzariari. Bariku iluntzean presoen aldeko asteroko enkarteladan eta honen ostean ere (gaueko 10:00ak arte) Ertzaintzaren presentzia itogarria izan da (gutxienez 3 furgonetan eta hainbat auto zeuden bertan eta denak kanpora irtenda armaz lepo zeudela). 

ELKARTASUNA EZ DA DELITUA ETA EZ DU ETENIK IZANGO!!!

EUSKAL PRESO ETA IHESLARI POLITIKO GUZTIAK ETXERA!!!