Literatura talan

23 04 2008

Mail bidez, hurrengoaz ohartarazi gaituzte:

Kaixo guztiok, albiste beroak dakarzkizuet. Bermeon kontu literarioetan ez da mugimendu handirik egoten, baina badirudi zerbait interesgarria prestatzen ari dela. Maiatzaren 31an jardunaldi literotikoa edo erotiko-literarioa prestatzen ari da.

Ez dakit egitaraua zehazki zein izango den, baina ideia nagusia Bermeoko talan modu informalean testu erotikoak irakurtzea eta jan-edanean (besteak beste…) aritzea da, literatura kalera ateratzea eta beste dibertsio motei ere lotzea. Hemengo Hizkuntza Eskolatik atera da ideia, oker ez banago, eta beraz, posible izango da Eskolan irakasten diren hizkuntza guztietan irakurtzea, baina nagusia, jakina, euskara izango da.

Dirudienez, Ostalaritza eskolakoek pintxoak egingo dituzte, txakolina eta bestelakoak ere egongo dira, eta musika ere egongo da, jazz akustikoa, ez baita sonorizatuko (Robbie, zuk bereziki idatzidazu, lekua baitago zuk ere jotzeko eta seguru nago ondo pasako duzula, zehaztuko dizut erantzuten didazunean ;-)).

Hobe, kontua hitzak entzun ahal izatea baita eta ez zerbait zaratatsua egitea. Zehaztasun gehiago nahi izanez gero informatzen joango naiz. Irakurtzen parte hartuko duten/dugun idazleok talako mahaietan banatuko gara nahi dutenak nahi dutenagana hurbildu eta testu erotikoak entzuteko jan eta edan bitartean. Liburutegiak ere parte hartuko du, agian liburudendek ere bai… Bueno, ikusiko dugu ea eguraldiak laguntzen duen, baina egun ederra izan daiteke.

Arrakasta izanez gero seguru holako eguna finkatuko dela Bermeon urtero edo errepikatzeko. Orain Kafe Antzokia ere inauguratuko denez, apirilaren 18an hain zuzen ere, ea Bermeon giro kulturala berpizten den! Zuen esku nahi duzuenari informazioa pasatzea.

Musu eta besarkada bana.





Busti irratiko lehen orduak

7 04 2008

Busti irratiko lehen zuzeneko emisioa nolakoa izan zen kontatzen digute irrati libreko gazteek. Jada Busturialdean gazteok egindako irrati libre bat dugu, libre eta parte hartzailea, bertan Busturialdeako gazte guztiek dugu gure lekutxoa, parte hartu nahi duzu? ikusi webgunea, kolektibo eta pertsona ugari parte hartzen dute han:

bustiLogoArratsaldeko bostak aldera hasi ginen Busti irratiaren lehen emisioa egiteko beharrezko material guztia Lizeo antzokiko sarreran muntatzen. Ilusio eta gogorik ez zitzaigun falta, eta erreza izango ez zela genekien arren, erronkak merezi zuela argi genuen.

Minutuak aurrera zihoazen, zalantzak eta nahasmena nagusi gure artean, ezusteko bat beste baten atzetik, konponbideak bilatzen etengabe, urduritasunak eta ezinegona areagotzen…gauza bat jakina zen ordea: nola edo hala, Busti irratiaren lehen emisioa gauzatuko zen.

Nahi duenak lortu egiten omen du, eta guk ere, kostata eta aurreikusita zegoen ordua baino beranduxeago, baina emititzen hastea lortu genuen. Musika airean zegoen, Lizeo kanpoan entzun zitekeen, Busturialde osoan, mundu osoan. Gidoia eskuetan hartu, eta Busti irratiari ahotsa jarri genion: “Arratsaldeon! entzuten ari zaretena, Busti irratiaren lehen emisioa da….” Gidoiari ordea, kasu gutxi egin genion, lehen hitz magiko horien ostean inprobisasio eta naturaltasun osoko saioa hasi baitzen.

Iluntzeko zortzietarako gero eta gutxiago falta zen. Jendea pixkanaka Lizeo kanpoaldean pilatzen zioan, eta gu barruan elkarrizketak egiten. Gure mahaitik igaro ziren lehen inpresioak partekatuz, ekitaldian parte hartuko zuten asko, baita kanpoan zain zeuden beste batzuk ere; denen artean iritzi orokor bat, Busturialdeak duen irrati libre baten beharra.

Emisioa zuzenean entzuteko egizu klik beheko irudian:

zuzenean





Zu be hipotekaren morroi

3 02 2008

Hori da inmobiliaria Hilaria egunetik ateratako konklusioa, denak garela hipoteken morroi. Etxebizitza inguruan dauden gezur inmobiliztiko eta espekulatzaileen ondorioz bankuarekin ezkontzan garelakoan gaude.

50 lagun baino gehiago elkartu ginen atzo taraskan, Bermioko etxe hutsen plazaratzea egin genuen, gezur inmobiliztiko berriena, etxe berriena… Grafiti bat egin eta gazteok sentitzen genuena isladatzen saiatu ginen.

Egun interesgarria izan zen, Gernikako “Baten bat” taldeak eta Bermioko “Okasientes” taldeak egunari musika jarri zioten, jendea azkenean animatu eta parte hartze zabala egon zela pentsatzen dugu.

Bestalde ekintza burutzen zen bitartean inmobiliari bati atean torloju edo antzeko zerbait (Ertzaintzaren esanetan) sartu zioten, Hazinbarrure Gazte Asanbladak ekintza horren errudun ez bitarteko ez dela adierazi nahi du.

Gure konpromisoa berrezten dugu betiko moduan gauzak horrela jarraitzekotan kaña ematen segitzeko.

Mila esker guztioi, horrela lortuko dugu.

Haizinbarrure Gazte Asanbladie

Free Image Hosting at www.ImageShack.us

Free Image Hosting at www.ImageShack.us

Free Image Hosting at www.ImageShack.us

Free Image Hosting at www.ImageShack.us





Berriak astratik

29 01 2008

Astra eta Ieup gazte asanbladako webgunetik:

Koordinadoraren eta Udalaren arteko hitzarmena

Astrako Koordinadora Gernika-Lumoko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoekin hitz egiten ari da egunotan. Hain zuzen ere, hauxe da gure helburua: Zero Km izeneko prozesuan modu parte-hartzailean adostu zen proiektua Osoko Bilkuran onartzea, eta prozesuan parte hartu nahi izan zuten herritar guztiek osatutako proiektuari buruzko hitzarmena izenpetzea. Horren bidez, Astra eraikina herritik herrira kudeatuko dela bermatuko da, eta ez udaletik herrira. Beraz, Udalak herritarrek erabakitakoa berrestea nahi dugu.

Horrez gain, herritar guztiek eraikina nolakoa izango den erabakitzeko aukera izatea nahi du Astrako Koordinadorak eta, hori bermatzeko, parte-hartze prozesu bat abian jarriko du. Gure helburua Osoko Bilkurak parte-hartze prozesu hori babestea da.

Hitzarmenaren nondik-norakoak webgune honetako Astra proiektua atalean irakur daitezke.

Karga-probak

Duela zenbait aste, Astran karga-probak egiteko eskatu zion Gernika-Lumoko Udalak Eptisa-Cinsa enpresari, eraikinaren egoera zein den jakiteko. Proba horien emaitzak jaso ditugu, eta ez dira izan uste genuen bezain onak. Eraikina erortzeko arriskurik ez badago ere, egitura hondatuta dago, eta konponketa handiak beharko ditu.

Astrako Koordinadorak argi izan du beti eraikina konpondu beharra zegoela, eta naturaltasunez hartu dugu txostenak dioena. Konponketak egin behar badira, konponketak egingo dira.

Adituek diotenez, orain dugun eraikina konpontzea baino aukera askoz merkeagoak daude: lehenengoa, eraikina goitik behera botatzea eta berria egitea da; bigarren aukera, berriz, fatxadak zutunik utzi eta eraikina barrutik hustea da, eta barruko guztia berriro egitea.

Segurtasuna

Astrako Koordinadorarentzat oso garrantzitsua da eraikina erabili ohi dutenen segurtasuna (gazteak, eskalatzaileak, umeak, dantza afrikarretako ikastarokoak, ez hain gazteak, literatura-tailerreko kideak, helduak, antzerki-eskolakoak, etab.). Hala ere, ez gara eraikinetik irtengo Zero Km-n adostutako proiektua izenpetu arte. Hemendik aurrera ez dugu ekimenik egingo eraikinean, inoren segurtasuna arriskuan ez jartzeko, baina irten ere ez gara egingo.

Erabakiak modu parte-hartzailean hartzen ari gara oraingoan ere

Aste hauetan, erabaki oso garrantzitsuak hartzen ari da Astrako Koordinadora nahiz Ieup! Gazte Asanblada. Besteak beste, testu honetan irakurri daitezkeenak. Orain arteko erabakiak parte-hartze handiarekin eta aho batez hartu dira.

Koordinadorako azkeneko batzarretan elkarte eta eragile hauek parte hartu dute: Alkarregaz gurasoen elkartea, Astraskate, Astrako antzerki-eskola, Astrako Eskalatzaileak, Elai-Alai dantza-taldea, Euskal Herrian Euskaraz, Gazte Asanblada, Gernika Batzordea, Gernika Gogoratuz, Gernikatik Mundura, Goi-zale, Ideasur, Iparragirre Rock Elkartea, URE, Terrijones irratizaleak, Trinkete, Zine-kluba. Elkarteez gain, pertsona partikularrek ere parte hartu zuten.

Bestalde, Ieup! Gazte Asanblada barikuan nahiz zapatuan batzartu zen, eta egun batean zein bestean gazte asko hurbildu ginen. Ilusioa ikusi zitekeen gazte guztien aurpegietan. Bi urtez borrokatutakoa eskura egon daiteke hemendik gutxira, eta giroan nabaritzen zen.

Zelan parte hartu dezaket erabakietan?

Asteazken honetan, arratsaldeko 19:30ean, Astrako Koordinadoraren batzarra egingo dugu. Nahi duten pertsona, elkarte nahiz eragile guztiak etorri zaitezkete zuen iritzia ematera eta erabakiak hartzera.

Horrez gain, datorren zapatuan, arratsaldeko 19:00etan, Gazte Asanbladaren hurrengo batzarra egingo da gai honen gainean erabakitzeko.

Badakigu azterketa garaia dela, eta zapatuan ajeak ez duela gehiegi lagunduko, baina oso garrantzitsua da egun batean zein bestean Astrara etortzea. Erabakiak hartzeko orduan, zenbat eta gehiago, hobeto. Inor ez da zu. Nik ezin dut zure iritzia eman.

 
Inoiz baino hurbilago gaude! Etorri eta erabaki zeuk ere!