Presoen argazkiak; ELKARTASUNA…!!!

6 10 2009

Martin Scheinin. (Giza Eskubideen NBEko kontalaria)

Scheininen ustez, helburu humanitarioengatik erakusten dituzte senideek irudiak, eta ez dute goratzen terrorismoa.

Terrorismoaren kontrako borrokan giza eskubideak bermatzen ote diren aztertzea dagokion kontalariaren ustez, terrorismoa goratzeko delitua ez da argia, eta moldatu egin behar litzateke.

Martin_Scheinin

«Presoen argazkiak erakustea ezin da delitu izan berez»

Terrorismoaren kontrako borroka eta giza eskubideak hizpide hartuta EHUn hitzaldia eman ondorengo tarte estuan erantzun ditu BERRIAren galderak Martin Scheininek (Helsinki, Finlandia, 1954). Prestutasuna erakusten du, atsegin eta serio aritzen da aldi berean, eta diplomazia gordetzen badaki. Akusazio gordinak egitea eta gai korapilotsuen sakontasunean murgiltzea saihesten du.

Terrorismo kontzeptua Espainian zabalegi erabiltzen dela ohartarazi duzu giza eskubideak errespetatzen ote diren ikertzeko egindako txostenean. Eta, horren izenean, oinarrizko eskubideen urraketa eman daitekeela. Zergatik diozu hori?

Espainiako Zigor Kodearen 571. artikuluan terrorismoari buruz ematen den definizioa ondo ikusten dut. Arazoa da hurrengo artikuluek terrorismoaren definizioa zabaltzen dutela, eta, nire ustez, gehiegi zabaltzen dutela. Batez ere, terrorismoa goraipatzearen inguruan, kale borrokaren inguruan eta kolaborazioaren inguruan uzten diren interpretazioak zabalegiak dira. Hedapen horrek arazoak ekar ditzake praktikan. Egun, kolektibo batzuk edo pertsona batzuk estigmatizatuak izan daitezke terrorista etiketarekin, beraiek, zentzu estuan, terroristak ez diren arren.

Zer da erakunde armatuari laguntza ematea edo terrorismoa goratzea? Nola interpretatu behar da?

Nire ustez, goraipatzearen ordez inzitatzea terminoa jaso beharko litzateke. Inzitatzeak izan behar luke delitua. Hau da, delitu egitera bultzatzeak. Eta, inzitazioak, bi osagai izan beharko lituzke: batetik, asmoa; beste norbaitek delitu egin dezan nahia izatea. Beste osagaia osagai objektiboa da; benetako arriskua egon behar du beste pertsona horrek delitu hori egiteari dagokionez. Bi elementuak hartu behar dira kontuan. Hori, nire ustez, nahikoa izango litzateke dauden arazoei eusteko.

Zentzu horretan, azkenaldian badago polemika presoen argazkien auziarekin. Jo daiteke delitutzat, esaterako, presoen eskubideen defentsan egindako protestetan argazkiak erakustea edo leku zein taberna pribatuetan izatea?

Nire abiapuntua eta nire ustea da senitartekoek argazki horiek erakusten dituztela helburu humanitarioengatik. Senitartekoen eskubideak babesten dituztelako. Horrek izan behar du abiapuntua gaia aztertzeko. Beraz, presoen argazkiak helburu humanitarioengatik erakusten direnez, berez, hori ezin da delitu izan. Hori ez litzateke terrorismoa goratzea, edo, hobeto esanda, delitu egitera bultzatzea. Edozein kasutan, horrek ez du esan nahi kasu guztietan horrela denik, baina, berez, presuntzioak hori izan behar du.

Onartzen dut egon daitekeela hizkuntza sinboliko bat. Adibidez, gurutze gamatuak edo nazien esbastikak erabiltzea, hori hizkuntza sinbolikoa da, eta hori debeka daiteke. Pentsatu badela judu komunitate bat eta bere taberna edo lokaletan gurutze gamatua agertzen dela. Hori debeka daiteke. Argazki batzuk edo kartel batzuk egon daitezke hizkuntza sinboliko horren barnean. Baina hori horrela izan daitekeela pentsatzeko beti egon behar dute bi elementuek: kartel horien bitartez delitu egitera bultzatzeko asmoak, eta benetako arriskua inzitazio hori delituetan gauzatzeko. Bi elementu horiek gabe ezin daiteke esan hori inzitazioa denik. Izan daiteke hizkuntza edo keinu desatsegin bat, baina ez inzitazioa, eta, beraz, ez delitua.

Esana duzu ekintza bat delitu izan dadin aurrez argi ezarri behar dela ekintza hori delitu dela. Azken urteetan egoera nahasiak eman dira. Argazkiena adibide bat da; «terrorismoa goratzea» edo hari laguntzea zer den ere legeak ez du argi zehazten; Parot doktrina-rekin, bat-batean luzatu dizkiete espetxealdiak presoei, aurrez jakin gabe. Onargarriak dira halako egoerak? Egin daiteke zerbait halakoen aurrean?

Jendeak helegiteak aurkeztu behar ditu horrelakoetan. Ez dago bitarteko azkar bat definizio hedapen horri aurre egiteko. Errekurtsoak egin behar dira. Ni nazioarteko zuzenbidera jotzearen aldekoa naiz. Estatuetatik kanpo badaude beste jardunbide batzuk helegiteak aurkezteko. Bide horietara jo behar da: helegiteak aurkeztu estatutik kanpo.

Bide horiek ematen dute fruiturik?

Eztabaida bizirik mantentzea da kontua. Ez badizute kasu egiten berriro aurkeztu behar duzu arazoa, eta agian zure argudioak onartuko dituen nazioarteko auzitegi edo batzorde bat egongo da.

Nazioarte mailan, «terrorismoaren aurkako borrokan» giza eskubideak bermatuko dituen auzitegi berezitua sortzea proposatu duzu. Zergatik? Zein litzateke haren egitekoa?

Nire ustez, auzitegi horrek gauza asko konponduko lituzke, eta buru-belarri ari naiz asmo hori bete nahian.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegia baino haratago joango litzateke? Zein desberdintasun luke?

Bai, haratagokoa litzateke. Nire proiektua aurrera aterako balitz, auzitegi horrek estatuek egindako urraketak ez ezik, nazioarteko beste erakunde batzuk egin ditzaketen urraketak ere aztertuko lituzke. Somaliako piratena, adibidez, edo talde terroristek egindako urraketak, esaterako.

Zein iritzi duzu Alderdien Legearen inguruan? Alderdi eta gizarte eragile ugari legez kanporatu ditu.

Nire ustez politikan parte hartzeko eskubidearen aurka egiten du, eta aztertu egin beharko litzateke.

‘Egunkaria’-ren aurkako epaiketa azaroan hasiko dela aurreikusten da. Zein iritzi duzu auziaren inguruan?

Ez dut iritzirik ematen oraindik epaitu gabe dauden auzien inguruan. Nire txostenean ere ez nuen horregatik sartu. Egoeraren berri badut, baina oraingoz ezin dut iritzirik eman.

Inkomunikazioa ezabatzeko eskatu diozue nazioarteko kontalariek behin eta berriz Espainiari, baina entzungor egin izan du. Egin daiteke beste urratsik?

Gure ardura da Espainiari gogoraraztea badaudela nazioarteko konpromiso batzuk eta inkomunikazio sistema ez dela horrekin bateragarria. Ez dela onargarria. Behin eta berriz gogorarazi behar diogu. Hain zuzen, inkomunikazio sistema da Espainiaren kasuan kezkagarrien iruditzen zaidan alorra.

Irailaren 11ko erasoen ondoren, segurtasunaren eta askatasunaren arteko balantzak segurtasunaren alde egin zuen nazioarte mailan, askatasun eta eskubideen kalterako. Horri buelta ematen hasiko zaiola uste duzu? Obamaren aroarekin balantzaren oreka aldatuko dela?

Baikor naiz, baina zortzi urtean egindako nahastea konpontzeko 30 urte beharko dira. Beraz, Obama batekin ez da nahikoa. Belaunaldi oso bat behar da. Teknikoki ere asko kostatzen da horri buelta ematea. Asko kostatzen delako sortu zituzten artikulu eta segurtasun sistema eta agentzien ezohiko aginteak ezabatzea.

* BERRIA egunkariari egindako elkarrizketa Leioako fakultatean egindako hitzaldiaren ostean.

info+: http://www.gara.net/paperezkoa/20091006/160146/es/Espana-no-quiere-admitir-que-haya-algo-mal-su-legislacion

Anuncios

Acciones

Information

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s




A %d blogueros les gusta esto: